Navarra Norte

Iñigo Aritza Ikastola oso pozik dago euskaltzaleek Altsasun emandako erantzunarekin

Iñigo Aritza  Ikastolak esker hitzak besterik ez ditu emateko. Eskerrak, etorri ziren milaka eta milaka euskaltzaleei, eskerrak giro ezin hobe hori bermatu zenuten guztiei eta eskerrak —bereziki eta gertu-gertutik— Iñigo Aritza Ikastola zein Nafarroako ikastoletako […]

PUBLICIDAD

Iñigo Aritza  Ikastolak esker hitzak besterik ez ditu emateko. Eskerrak, etorri ziren milaka eta milaka euskaltzaleei, eskerrak giro ezin hobe hori bermatu zenuten guztiei eta eskerrak —bereziki eta gertu-gertutik— Iñigo Aritza Ikastola zein Nafarroako ikastoletako familiei, haiek izan zirelako auzolanean egun paregabe hura posible egin zutenak.

Esker ona, beraz, ikastolak emateko duena, urriaren 21eko Nafarroa Oinez eguna dela-eta baina baita urte guztian zehar antolatu ditugun ekintza guztiengatik ere. Ederra izan da urtea, bizia izan da, zinez bizia, leloa bezala. Baina Iñigo Aritza Ikastola oso harro dago egin den lanaz. Auzolana eta euskara eskutik joan dira, eta bi horiek dira ikastolen bereizgarri nagusiak.

Balorazioa beraz, oso ona da, biribila. Oinez egunari dagokionean, esan bezala giro paregabea izan genuen, eguraldi bikaina eta famili giro ederra. Aipagarrien artean, Erronkak mugitu zuen gazte mordoa eta Haurren Hiria, non etxeko txikienak aske ibili baitziren.

Horrekin batera, inklusioaren erronka jarri genion geure buruari eta kontent esan genezake bete dugula. Antolatu ziren lantegietan zein ibilbidean zehar modu desberdinetan inklusioa festan txertatzea lortu genuen. Aurten eman diogun ezaugarri berri hau gelditzeko etorri dela iruditzen zaigu.

Mikel gaztearen heriotza gogoan

Baina biribilak beti ditu ertzak, eta gurean ertza aurten sakona izan da. Egoera oso gogor eta latz bati egin behar izan genion aurre goizean goizetik: Mikelen heriotzari. Ikastolako kideok minberatuta eta hunkituta geunden. Baina kasu horretan ere, gure familiek eta oro har Altsasuk erakutsitako duintasuna, gizatasuna eta indarra azpimarratu nahi ditugu.

Erantzukizunez, eta maitasunez egin genion aurre eta egun ahaztezin bat burutzea lortu genuen. Egiari zor, lanean geunden Iñigo Aritza Ikastolako kideok ez genuen egunaz gozatu, baina argi dugu  Altsasu eredu dela, negu gogorrenari, eta abestiak dioen bezala, txarrenari onena ateraz, zauriari muxu eginez, auzolanaz, inguruaren babesaz, ukendua jarri genion minari, labankada sakon horri. Eta horrela atera genuen aurrera eguna eta eman genion bultzada ikastolaren proiektuari. Pertsonak hezten ditugu ikastolan, eta izugarrizko gizatasuna duten familiak ditugula ikusi dugu berriz ere.

Ingurumenarekin konpromisoa erakutsiz

Egunaren zurruntasunari eutsiz, eta zifra batzuk ematearren, Oinez egunean 15.000 ogitartekotik gora egin ziren, 4.500 talo inguru eta kafea agortu zen. Horretaz gain, sortutako hondakinen %61 birziklatzea lortu da eta Sanferminetako Euskararen Txokoan, berriz, %75. Argi dago ingurumenarekiko dugun konpromisoa: datuek berresten dute hori.

Emaitza ekonomikoei dagokienez, jakin, oraindik ez dakigu, zenbateko ekonomikoa zein den. Diru sarrera batzuk falta dira oraindik eta, batez ere, gastuak kontabilizatzen gabiltza orain. Edonola ere, Nafarroa Oinez urtea ekonomikoki ongi aterako dela aurreikusten dugu, baina egia da ditugun behar guztiak asetzeko adina ez digula emango.

Eta hau guztiarekin zer? Orain lanean jarraitzea dagokigu, gure ikastolako oinarri-oinarrizko obrak egiteko proiektu zehatza erabaki, argi izanda ikasleen egunerokoa hobetu behar dela. Horretarako ezinbestekoa dira teilatua berritzea eta ditugun itaxurak konpontzea, geletako hezetasun eta aireztatze faltari irtenbidea ematea, berogailu sistema eta galdara aldatzea eta irisgarritasuna bermatzea, batez ere ikastolako bigarren solairura. Azken finean, 40 urte inguruko eraikin batek dituen arazoak konpontzea.

Amaitzeko, gure indar eta laguntza eskaintzen diogu Argia Ikastolari. Argi dugu auzolanean eta elkarrekin egin behar dugula gaurdanik Nafarroa euskalduna. Eta lanak lan, bidean gozatu dezazuela opa dizuegu. Hurrengo geltokia… Tutera!

ÚNETE A NUESTRO BOLETÍN