Eraildako pertsonen senitartekoek emandako «bizitzaren lezioa» nabarmendu du Ollo kontseilariak aitorpenezko ekitaldian
Torreroko hilerrian finkaturiko monolito batek, 1936ko kolpe militarraren hasierako hilabeteetan Aragoiko hiriburuaren ondoko San Gregorio eremuan fusilatu eta Torreroko hobi komun batean lurperatu zituzten Sanjurjo Tertzioari atxikitako Nafarroako 200 biktimak gogoratuko ditu gaurtik aurrera.
Eskulturaren estalgabetzea Ana Ollo, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilaria buru izan duen aitorpenezko ekitaldi batean egin da, Foru Komunitateko erakunde nagusiek bultzatuta: Nafarroako Gobernua, Nafarroako Parlamentua eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa. Zaragozako Udalak ere parte hartu du.
Jendaurreko agerraldian, Ollo kontseilariak esan du ekitaldiaren helburua ez dela soilik «bidegabeko eta justifikaziorik gabeko indarkeria» jasan zuten biktimen memoria berreskuratzea. Horrekin batera, haien senitartekoen «lana eta konpromisoa» aldarrikatzea du helburu, izan ere, jada 40 urte, gorpuzkiak hilobietatik ateratzea lortu zuten
. Orduko ahalegina, kontseilariaren iritziz, «giltzarrizkoa izan zen memoria, egia eta justiziaren erreibindikazioan, eta urte gehiegiz sostengu instituzionalik gabe egindako bide luze, gogor eta nekezaren buruan, gaurkoa bezalako ekitaldiak egiteko aukera dugu egun».
Horren harira, eskerrak eman dizkie biktimen senitartekoei eskaini duten «bizitzaren lezioagatik». Egiaren eta justiziaren aldeko konpromisoagatik, beste biktima batzuei adierazi dieten elkartasunagatik, memoria aldarrikatzeko egin duten lanagatik eta bizikidetzarako bidea erakustean frogatu duten eskuzabaltasunagatik, «ezinikusi eta gogorrotik gabe, gertatutakoaren memoria erreklamatuz eta basakeriak eragindako bidegabekeriaren eta atsekabearen iraganeko oroimena aldarrikatuz, bakearen, askatasunaren, demokraziaren eta Giza Eskubideen alde hartu dugun egungo konpromisoa finkatu eta indartzeko», gaineratu du.
Ana Ollok Torreron gorpuzkien bila abiatutako 600 senitarteko baino gehiago bildu zituen exhumazioaren inguruko gertaera nagusiak gogoratu ditu. Baina errealitate historiko horretatik harantzago, familien «kontaketa pertsonalago eta familiarragoaren» garrantzia nabarmendu nahi izan du, gertaturikoa ahantzi ez dadin. «Helburu horrexeri begira antolatu dugu gaurko ekitaldia eta inauguratu dugu gaurko monolitoa. Gertatutakoa gogoratzeko, inoiz ere ahantzi ez dadin, horren bidegabekeria handiaz erail zituzten nafar haien oroimenez eta egia eta memoria aldarrikatu dituzten senitartekoen balioaren omenez. Honela, hurrengo belaunaldiek, iraganaren jakitun izanik, halakorik berriz ere gertatzeko aukerarik ez dagoen gizarte zuzenago, etikoago eta demokratikoago batean bizi ahal izango dira», ziurtatu du.
Ekitaldia
Ollo kontseilariarekin batera, ekitaldian izan dira Nafarroako Parlamentuko lehendakari Ainhoa Aznárez, NUKFeko lehendakari Pablo Azcona, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollo, Zaragozako alkate Pedro Santisteve eta Sartagudako alkate Paolo Albanese, baita Parlamentuko kideak, biktimen sorterrietako udal ordezkariak, memoria elkarteetako kideak eta biktimen 150 senitarteko inguru ere.
Ekitaldia Nafarroako Ereserkiarekin hasi da, eta ondoren, hitza hartu dute Zaragoza eta Sartagudako alkateek, eraildakoen senitartekoek (Paulino Molinet Martínez, Puri Pérez Jaso eta Arcadio Ibañez) eta Ollo kontseilariak.
Jarraian, oroimenezko monolitoa estalgabetzeari ekin diote, aurresku baten eta jota baten doinupean. Ekitaldia amaitzeko, bertaratutakoek lore-eskaintza egin dute eskulturaren aurrean.
Omenaldian izandako musika interpretazioen artean, berariaz nabarmendu behar da Zaragozan erail eta ehortzitako pertsona haietako baten biloba eta birbiloba diren Maite Renek eta honen seme Josu Zabalak eskainitako kantua.
Eskultura Javier Unzuerena da. Besoak jasota eta bularrean zulo bat duen gizon burumakura irudikatzen du. Esanahi bikoiotza du. Alde batetik, eraildakoak irudikatzen ditu, fusilatu zituzten unean eta besoak jasota, bala batek bihotza zulatzen zien bitartean. Bestetik, hemen gelditu ziren senitartekoen sufrimendua gogoratzen du, atsekabeak urratuta, besoak jasota erostaka, eta galdutako senitartekoaren hutsunea bihotzean dutela.
Hiltzeko izena emanak
1936ko udan, gizon asko behartu zituzten Sanjurjo Tertzioan izena ematera eta altxatuen tropetan borrokatzera, errepresiotik eta balizo heriotzaren mehatxutik ihes egiteko bide gisa.
Horrela, Aragoi, Nafarroa, Errioxa eta Soriako hainbat herritatik bildutako 600 gizon baino gehiago Zaragozara eraman zituzten, eta handik, Almudevarren kokatuta zegoen frontearen lerrora. Hara iritsi ziren irailaren 29an, borrokan sartzeko prest.
Hala ere, altxatutakoen agintari militarrek, desertzio masiboa gertatzeko arriskuaren aurrean, zigor eredugarria ematea erabaki zuten. San Gregorioko eremura itzuli zituzten eta, urriko lehendabiziko egunetan, gizon haietako asko hotz-hotzean erail zituzten, fusilatutakoak guztira zenbat izan ziren zehaztu gabe dagoelarik. Txikizio hartan, 224 nafar fusilatu zituztela kalkulatu da. Haien gorpuak Torreroko hilerrira kamioietan garraiatu eta hobi komun handi batean lurperatu zituzten.
Haien senitartekoek ez zituzten behin ere ahantzi, baina 40 urtez baino gehiagoz itxaron behar izan zuten gorpuzkiak hilobitik ateratzeko aukera lortu arte. Zaragozako Udalaren baimena lortu ondoren, 1979ko otsailaren 10ean, Nafarroako eta Errioxako 16 herritatik bildutako senitartekoek gorpuzkiak hilobitik ateratzeari ekin zioten. Zenbait egun geroago, 600 pertsona baino gehiago tarteko zituen segizio handi batek gorpuzkiak senitartekoei emateko ekitaldian parte hartu zuen. Horrela, gorpuzkiak jaioterrietara eraman eta Nafarroako herri asko